GURE BEGIRADA PEDAGOGIKOA

UMEA – ONGIZATEA, ERRESPETUA, KONFIDANTZA

Gure begiradaren arabera, umea, gaitasunez beteta dagoen izakia da, inguruan duena ezagutzeko jakin min osoz dagoena. Maitasuna, babesa eta zaintza behar duen izakia da, segurtasun eta afektu beharra duena; eta nola ez, inguruko pertsonekin harremanak eraikitzea beharrezkoa duen pertsona ere bada.

Horregatik, Biziloren umeari den bezalakoa agertzeko aukera ematen diogu, bere barne gogoa entzun eta jarraitzeko aukera. Adierazpen askean eta jolasean oinarrituta, egin nahi duena norekin egin nahi duen eta zenbat denboran zehar aukeratzeko testuingurua eskaintzen diogu umeari, nork bere burua ezagutu eta bere grinak aurkitzeko aukera izan dezan.

IKASKETA PROZESUA

Ikasketa prozesua, barrutik kanpora gertatzen den prozesutzat dugu Biziloren, esplorazio jokabidearen garapenean kokatuta, ezagutzeko beharrari erantzuten diona. ikasketa etengabe dagoela sinesten dugu, jaiotzatik heriotzara arte, goizetik gauera…
Zientziak azaldu du eginez ikasten dela, emozioen bidez josten ditugula ezagutzak, gure bizipen zein esperientziekin bat egiten dutenean inprimatuta gelditzen direla gugan betiko. Horrek erakusten du ikasketak barruko gogoarekin duela zerikusia, eta dibertitzean eta gurekin zerikusia duten ekintzekin inplikatzen garenean, hunkitzen garenean, garatzen garela.

Biziloren aberatsa den testuingurua proposatzen dugu, umeak ekintzaren bidez bere gogoa jarraitzeko aukera izan dezan, manipulatzea, esperimentatzea, egitea… bizitzea ezinbestekoak direlako ezagutzak benetakoak izan eta garatzeko.

ASKATASUNA ETA ARDURA

Guretzako askatasuna eta ardura txanpon beraren bi aldeak dira, erabaki ahal izateko aukerak berarekin dakarrelako berau betetzeko ardura, konpromisoa. Biziloren uste dugu umeari erabakitzeko aukera eman eta egoera horretan jartzeak bere buruarekin konektatzeko aukera ematen diola, bere bidearen bilaketan urrats bat dela. Baina, aldi berean, egindako aukerak betetzeko ere eskatzen dugu. Beti ere kontutan izanik zein den umearen adin eta egoera, umeak erabaki dezaketenaren gaineko erabakiak hartzen uzten ditugu soilik. Honek guztiak ez du esan nahi mugarik ez dagoenik; kontrara, limite eta muga oso argiak ditugu Biziloren, denaren gainetik errespetuzko elkarbizitza jartzen dugu eta topagunean hitz egiten eta adosten ditugu guztiok eroso sentiaraziko gaituzten erabakiak.

HARREMANAK

Biziloren norberaren identitatearen eraikuntzari garrantzia ematen diogun bezala, talde izaeraren eraikuntzari ematen diogu. Horregatik, “nor naiz ni?” eta “nor naiz ni talde honetan?” galderak ditugu etengabe presente. Harreman mota desberdinak garatzeko aukera eskaintzen duten egoera zein testuinguru desberdinak eskaintzen ditugu, pertsonaren garapen osoan hain beharrezkoa den harreman eta komunikaziorako, beti ere errespetuzko harremanetan oinarrituta.

NATURA

Natura, ordezkorik ez duen osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri agorrezina da. Horregatik Biziloren natura gozatu eta berarekin kontaktuan egoteko aukera ematen zaie egunero umeei, horretarako propioki egokitutako kanpo espazio eta eskaintzen diren irteeren bidez.

TESTUINGURUA

Edozein antzezlanetan bezala umearen garapenean eszenatokia ere garrantzitsua da. Horregatik Biziloren konfiantzazko testuinguru seguru eta oparoa eskaintzeaz arduratzen gara, zeinetan umeek kalitatezko esplorazio eta jolasa garatzeko aukera izango duten.

Biziloren umea babestua, zaindua eta maitatua sentituko den eta osoki garatzeko aukerak eskainiko dituen ingurune egokia eskaintzen dugu. Azken batean, ongizatea eta esplorazio grina ziurtatuko duen testuingurua antolatzeaz arduratzen gara, zehazki espazio, material zein denboraren antolaketa eta aukeraketa zainduz.