Lan Lerroak

3. EGUN BAT BIZILOREN

HARRERAK ETA AGURRAK

Hartzeko eta agurtzeko modua oso garrantzitsua dela uste dugu.
Sarrera ordutegia malgua da gurean, umeak etxetik lasai datoz, euren beharrak aseta, denbora hartuta. Biziloreko sarreran etxeko zapatilak jantzita sartzen dira umeak eta familiak eskolan. Eta bakoitzari ematen zaio egun ona, eskolara sartzeko gonbita eginez eta etxetik ekar dezakeenaz hitz egiteko aukera emanez (nolakoa izan da gaua, bezperako arratsaldea…). Familia eta umearen arteko agurrari ere garrantzia ematen diogu, giro lasai eta atseginean elkar agurtzeari.

Era berean, goizaren bukaeran bilduta elkar agurtzen dugu Biziloren, laburra den talde dinamika baten bidez elkar ikuste bat dago, hurrengora arte agurtzeko aukera.

JOLAS ASKEA

Jolasak pizten du haurra eta bere ahalmenaren adierazpenik gorenetakoa da. Behar unibertsaltzat jo izan den jolasak toki pribilegiatua betetzen du umearen bizitzan.
Biziloren, jakin badakigu, jolasak, umeen oinarrizko beharrak asetzeko testuinguru egokia eskaintzen duela; umeari esploratu, behatu, esperimentatu, mugitu, pentsatu, sentitu, aukeratu imitatu, imajinatu, ezagutza berriak lortu, komunikatu, norbere burua eta aukerak ezagutu eta ulertu, eta gehiagorako aukera ematen dion bitartean.
Kontutan hartzen dugu, ordea, jolas egiteko umeek baldintza batzuk behar dituztela, hala nola: jolas-aukerak; jolaserako lagunak, espazioak eta materialak; jarduteko eta hasitakoa bukatzeko denbora; bakarrik, bikotean, talde txikian, handian… jolasteko aukera; ezagutzen dituzten egoera eta egiten dakiten horretan sakontzeko aukera; egiteko estimuluak; esploratzeko eta bizitakoa adierazteko denbora, e.a.
Hau guztia kontutan izanik, berebizikoa jotzen dugu jolas-egoerak sortzea posible izango den testuinguru egokia eraikitzea. Horregatik Biziloren egunero jolas askean aritzeko aukera, denbora, testuingurua … eskaintzen zaio umeari, kanpo zein barruko espazioetan, espresuki aukeratutako material, egokitutako espazio, pentsatutako denbora eta hausnartua den bidelagunaren esku-hartzearen bidez.

TAILERRAK

Bidelagunak, biziloreko ume zein gazteen behar eta interesetan oinarritzen gara tailer eskaintza egiteko. Horien bidez esperimentatu, bizi, ikertu nahiz izateko askatasuna eskaintzen dugu, gizakia bere osotasunean hartuz (pentsamendu, emozio zein ekintza) askatasunean garatzeko aukera anitza eskainiz.
Tailerra, jolas, sormen nahiz garapenerako espaziotzat hartzen dugu. Jolasaren bidez, bide berriak probatu, deskubritu nahiz sortzeko aukerak eskaintzen dizkigu, partaideei alderdi orotan garatzeko testuinguru edo lurzoru aberatsa eskainiz.

GONBIDATUAK ETA IRTEERAK

Bizilore eskola komunitate batean dago kokatua, auzo, herri, bailara zehatz batean. Guretzako oso garrantzitsua da eskola inguru horren parte dela bizitzea, bi norabideetan. Horregatik Bizilorera hainbat gonbidatu datoz umeei tailer edo ekintzaren bat proposatzera eta eskolatik irteerak egiten ditugu inguruko txoko eta pertsonak gertuagotik ezagutzera.

HAMAIKETAKO KOLEKTIBO ETA OSASUNTSUA

Biziloren hamaiketakoari garrantzia handia ematen diogu. Elikadura momentua izateaz gain, taldean egiten den harreman momentu garrantzitsua ere bada. Horregatik lasaitasunez egiten dugu, elikatu zein harremantzeari denbora eskainiz. Hamaiketakoari dagokion eskaintza ere zaintzen dugu, garaikoak eta ekologikoak diren elikagaiak aukeratzen ditugularik-
Era berean, goizaren bukaeran bilduta elkar agurtzen dugu Biziloren, laburra den talde dinamika baten bidez elkar ikuste bat dago, hurrengora arte agurtzeko aukera.

BILGUNEA

Bilgunea, elkar aurkitzeko topalekua da. Elkarrekin egun bakoitzak dakarren xehetasuna, berezitasuna partekatzeko aukera eskaintzen duen tartea da, nork berak dakarrena adierazteko abagunea, istorio zein ipuinaz gozatzeko momentua,taldeari dagozkion erabakiak hartzeko espazioa, proposamenak egiteko tokia…
Biziloren egunero elkartzen gara bilgunean; nor bera den bezala adierazi eta bere identitatea taldean erakusteko aukera emateaz gain, talde izaera sendotzeko aukera eskaintzen digun tartea baita.