Proiektua

Nor Gara

2015ean sortu genuen Hazitik kooperatiba koop.Elkartea  Azkoitian kokatua dagoen irabazi asmorik gabeko Kooperatiba Integrala da, 2012an eratutako Bizilore Familia Elkartearen haurtxoa. Kooperatiba sortu aurretik, hezkuntza eta hazkuntzaren gaur egungo egoeraren analisian oinarrituta, etorkizuneko balizko errealitate bat irudikatzen hasi ginen.

Ilusioak eta indarrak mugituta hiru urte igaro genituen analisi hori egiten, hausnartzen, eta burutu nahi genuen proiektuaren plangintza modu kolektiboan adosten. Beraz, komunitate oso baten ametsak zehaztera eta betetzera dator egitasmo hau.

Hezkuntza eta haziera berrikuntzan oinarrituta, irabazi asmorik gabekoa den gure  kooperatibak arlo ugari barne hartuko dituen egitasmo integral bat eskaini nahi die bertako partaideei, herriari, bailarari eta Euskal Herriari bezala hezkuntza komunitate osoari, ulertzen dugulako hezkuntza izan daitekeela jendarte eredua aldatzeko lanabesa.

Hazitik kooperatiba osatzen dugunok bizitzako esparru eta adin guztietara zabaldu nahi genuke honako ikusmira hau: bizi-prozesuekiko errespetuzko ikuspegia, norbanakoaren izaeraren garapen askea eta harreman orekatuen zein osasuntsuen aldeko apustua.

Hazitik kooperatiba pertsonez eta pertsonentzat sortu da, eta eraldaketa sozialean eragiteko asmoa du, hezkuntza berrikuntzaren bidez. Konprometituta gaude pertsonekin, ingurunearekin, harreman zein prozesu jasangarriekin eta berrikuntzarekin, eta gure misioa  dugun bizi-ikusmira bizitza osoan zehar garatu ahal izateko baliabideak jorratzean datza.

Hazitik kooperatiba integralaren misio zein ikusmira Bizilore eta Abaraxka deritzan bi proiektuen bidez eramaten dugu aurrera, ereindako haziak, Azkoititik abiatuta Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzea delarik gure asmoa.

BIZILORE-LAGUN. PROIEKTUA LAGUNDU NAHI?

Bizilore, familiek, profesionalek eta hezkuntzaren inguruan interesa duten pertsonek osatutako proiektua da. Proiektu autogestionatua denez, ekonomikoki familiek sostengatzen dugu eta momentu honetan zailtasun ekonomikoak direla medio laguntza behar dugu.

Gure jendartea eta gure kultura beste norabide baterantz bultzatzen lagundu nahi baduzu izan zaitez zu ere proiektu kolektibo honen laguntzaile. Txikia izan daiteke zure konpromisoa baina gure proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko eta eragin soziala handitzeko balio dezake. Lagundu nahi badiguzu, aukera desberdinak dituzu:

 

  • Bizilore lagun egitea
  • Gure materiala erostea
  • Bestelakoak (zozketak, postuak…)