zer da bizilore?
Bizilore Eskola Aktiboa 2 eta 16 urte bitarteko ume eta gazteentzako eskola homologatua da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak “hezkuntza berrikuntzarako”proiektu gisa izendatua.
Eskola-komunitatea gara. Gure eremuan bizitzako esparru eta adin guztietara zabaltzen dugu bizi-prozesuekiko errespetuzko ikuspegia eta norbanakoaren izaeraren garapen askea. Harreman orekatuen zein osasuntsuen aldeko apustua egiten dugu. Begirada horrekin jarduten dugu gure eskola-komunitatean.
Zergatik aukeratu bizilore?
Arrazoi asko daude; familia eta bidelagun bakoitzak bere motiboak ditu. Batzuk aipatuko ditugu hemen.
Umea edo gaztearekiko begirada konpartitua dago familien eta bidelagunen artean eta denbora eskaintzen zaio begirada horren lanketari; izan ere, gurasoek eta bidelagunek elkarrekin jarduten dute umeen eta gaztetxoen hezkuntza prozesua bidelaguntzen, Begirada horren oinarria honakoa da: ume eta gazte bakoitzak bere berezitasun propioak ditu eta horiek aintzat hartuta, bere osotasunean hazten doa. Ez dago presarik, ez dago molde bakarrean enkajatu beharrik. Askatasunez haurrek eta nerabeek beren jakinmina asetzen dute eta benetako motibazioak eraginda ikasten dute.
Eskolara ez dator umea bakarrik, familia dator. Eskola komunitate bizia da Bizilore eta familia ere parte aktiboa da kolektibo honetan, erabat. Eskolara batzen den familia bakoitzaren erritmoak eta beharrak kontuan hartzen dira eta egokitzapena modu lasaian eta malguan egiten da, bai umearena, baita helduena ere.
Gure
PROIEKTUAREN IBILBIDEA
2012.
Hezkuntzari buruzko hausnarketak Azpeitian. Herri askotako jendea elkartzen hasi zen, hezkuntzari buruzko hausnarketa kolektiboak egiteko.
2013.
Bizilore familia elkartearen sorrera. Hausnarketetan elkartutakoen artean, taldetxo batek aurrera egin eta pausotxoak eman ostean, elkare moduan erregistratu zen.
2014.
Proiektuaren oinarriak finkatu ziren. Taldekideen artean iritzi eta gogoak askotarikoak zirenez, galdetegi baten eta gidatutako saioen bitartez, proiektuaren oinarriak adostu ziren.
2015.
Hazitik kooperatiba integralaren sorrera. Antolakuntza berria jarri zen martxan. Betebeharrak eta eskubideak finkatu ziren. Homologazioaren bila joatea erabaki zen.
2016.
Kukuherri eraikina erosi. Zalantza, zailtasun eta gogo handiarekin, eraikina erostea lortu zen.
2017.
Aterpetxea eta taberna. Eraikinari probetxua atera eta diru-sarrerak lortzeko martxan jarri ziren aterpetxea zein taberna.
2018.
Homologazioa helburu. Obra handia egin zen eta aterpetxea eta taberna alokatu egin ziren.
2019.
Homologazioa lortu. Hezkuntza Sailetik homologatzeko baimena etorri zen. Horrez gain, izaeraren eta balioen lanketa egin zen.
2020.
100eko eskolarantz. Ehun umeko eskola izatera irekitzea erabaki zen. Jatetxe eta aterpetxean aldaketak. Koronabirusa etorri zen eta neurriak adosteko lana egon zen.
2021.
COVIDari lotutako gaiak. Pandemia garaian ezarri ziren arauak Biziloren zein modutan aplikatu eta kudeatu izan zen gai nagusia urte hartan.
2022.
DBH baimena. DBHrako baimena eskuratu genuen. Azterretxea eraiki genuen.
2023.
DBH martxan. DBH abiatu zen. Dirua lortzeko bide berriak aztertu ziren; talo postua eta 2. eskuko azoka martxan jarri ziren.
2024.
Barne lanketa: kooperatibaren eta eskolaren gaineko hausnarketak kideon artean.
2025.
Proiektuaren 10. Urteurrena. Ibilbide osoaren erakusketa eta parte hartu dugun guztion ospakizuna.
Gure
Begirada Pedagogikoa
Umeak eta nerabeak osasuntsu hazi daitezen eta eskolako elkarbizitza aberatsa izan dadin, umearen ongizatea erdigunean jarrita jarduten dugu.
Ongizatea
Hitzak argi adierazten du: ongi izatea. Ume zein nerabea ongi izatea da gure lehentasuna; hazteko eta ikasteko ezinbesteko baldintza. Horretarako, haur zein gaztetxoak bidelaguntzeko modua eta haiekiko begirada eta harremana beren beregi zaintzen ditugu. Izan ere, haurra askatasunez eta konfiantzaz espresatzen da, seguru, maitatua eta entzuna sentitzen denean.
Jolasa
Haurrak mundua ezagutzeko eta sentitzeko duen modu naturala da jolasa. Bere bidez espresatzen da eta bere bidez aztertu eta ikasten du. Jolasa da ikaskuntza sakon eta naturalaren motorra; jolasaren bitartez lantzen dira harremanak, emozioak eta irudimena.
Behar unibertsaltzat jo izan den jolasak toki pribilegiatua du Biziloreko eguneroko bizitzan.
Askatasuna eta ardura
Biziloren haurrak zein nerabeak bere bidea egiteko aukera du, betiere besteen eta ingurukoen beharrak kontuan hartuta. Ume zein gazteei bakoitza den bezalakoa agertzeko aukera eskaintzen zaie, norberaren barne gogoa entzun eta jarraitzeko aukera.
Aldi berean, askatasun honek ardura dakar. Izan ere, askatasuna eta ardura txanpon beraren bi aldeak dira: erabaki ahal izateko aukerak konpromisoa eta erantzukizuna dakartza.
Ikasketa esanguratsua
Ikasketa prozesua barrutik kanporako norantzan gertatzen den prozesutzat dugu Biziloren. Emozioen bidez josten ditugu ezagutzak; emozioek gure esperientziekin bat egiten dutenean, ezagutzak gure baitan errotzen dira. Horrek erakusten du ikasketak norberaren gogoarekin eta motibazioarekin duela zerikusia. Horregatik, bizipenetatik eta interesa pizten duten egoeretatik abiatzen dugu ikaskuntza Biziloren; haurrarentzat ikasketa esanguratsua da baldin eta bere buruarekin eta inguruarekin lotura badu eta zentzua topatzen badio.
Natura
Ez dugu natura agertokitzat hartzen, ikasketa prozesuetako parte aktibotzat baizik. Haurtzaroan elementu naturalekin jarduteak zuzenean eragiten du garunaren garapenean: zenbat eta manipulazio gehiago, orduan eta konexio neuronal gehiago eta sendoagoak sortzen dira.
Natura ezagutzea ez da gure helburu bakarra; naturarekin harreman osasuntsu eta errespetuzkoa eraikitzea ere garrantzitsua da. Horregatik, Bizilore ez da naturan ikasteko gune bat bakarrik; naturako elementuekin, izaki bizidunekin eta gertaerekin bat egiteko gune bizia da.
Bizikidetza
Bizikidetza elkarrizketan, errespetuan eta enpatian oinarritzen da. Era berean, gatazkak ikasteko aukera gisa ulertzen ditugu; haurrek emozioak adierazten, besteenak entzuten eta elkarrekin konponbideak bilatzen ikasten dute. Asanbladan elkarbizitza arauak adosten dituzte.
Horrela, komunitateak harreman osasuntsuak eta inguru segurua eraikitzen ditu, balioetan oinarrituta.
Ingurua
Konfiantzazko inguru seguru eta oparoa eskaintzeaz arduratzen gara Biziloren. Ume eta gazteek kalitatezko esplorazioa eta jolasa garatzeko aukera dute bertan. Ingurune zaindu eta aberatsa sortzen dugu, gune, material eta denboraren antolaketa arduratsuan oinarrituta, ongizatea bermatzeko eta ikaskuntza sustatzeko.
Komunitatea
Eskola ez dute ikasleek eta irakasleek soilik osatzen; familiek eta komunitateak ere eskolan parte hartzen dute. Hala, elkarbizitza kolektibo aberatsa eta integratua lortzen dugu.
Familiak proiektuaren parte aktibo dira; konfiantzan, elkarrizketan eta helburu partekatuetan oinarritutako harremanak eraikitzen ditugu, umearen zein gaztetxoaren garapena ikuspegi bateratu eta koherente batetik lantzeko.
Mugak eta arauak
Mugak eta arauak haurren eta nerabeen babeserako eta harreman osasuntsuetarako tresnak dira. Elkarbizitza eta ingurua zaintzeko ezinbestekoak dira. Ez dira behartutakoak, elkarrekin adostutakoak baizik. Hala, segurtasuna eta lasaitasuna sentitzen dituzte.
Adin aniztasuna
Biziloren haurrek eta nerabeek askotariko adina dutenekin osatutako taldeetan jarduten dute egunerokoan. Bizikidetzarako ingurune hauetan elkarrekintza espontaneo aberatsak sortzen dira; hortaz, sozializazioa, enpatia eta komunikazio gaitasuna garatzeko gune baliotsuak dira.
Adin ezberdinak bateratzeak elkarrekiko zaintza, laguntza eta ikaskuntza kooperatiboa bultzatzen ditu, eta bakoitzaren erritmoa eta beharrak errespetatzen dira. Ondorioz, talde heterogeneoek ikaskuntza-prozesuak aberastu eta aniztasunaren balioa normalizatzen dute.
Ratio txikiak
Biziloren ratioak 12-15 haur edo nerabe bitartekoak dira. Ratio txikiek haurraren zein nerabearen eta helduaren arteko harremanen kalitatea nabarmen hobetzen dute. Izan ere, helduek ume edo gaztetxo bakoitzari denbora eta arreta pertsonalizatua eskaintzeko aukera dute, eta horrek segurtasun emozionala, konfiantza eta ikaskuntza sakona sustatzen ditu. Harreman esanguratsu eta egonkorrak eraikitzeko funtsezko baldintza dira.
Irakaslea bidelagun
Irakaslea ez da aurrean doan gidaria, ezta urruneko zaintzailea ere. Haurraren zein nerabearen ondoan doa, bidean laguntzen, hari entzunez, hura behatuz eta une egokian lagunduz. Giro segurua eta aberatsa eskaintzen du baina ez du epaitzen, ezta umea edo gaztetxoa ezertara bultzatzen ere. Etengabeko prestakuntzarako, behaketarako, hausnarketarako eta elkarlanean oinarritutako lanerako konpromisoa duten lan-taldea osatzen dute bidelagunek.
Gure
Espazioak eta ingurunea
Barruko gune goxoak eta kanpoalde naturala
FAQ
Ohiko galderak
Proiektura gerturatzen zareten familiek egiten dizkiguzuen ohiko galderen erantzunak dituzue hemen
Bizilore eskola interesatzen zait. Zer egin dezaket gehiago ezagutzeko?
Gurekin harremanetan jar zaitezke eta azalduko dizugu. Hitzordu bat jartzeko aukera izango genuke eta ate ireki pertsonalizatuak eskaini, bertatik bertara.
Zein da eskolako ordutegia?
Haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan daudenen ordutegia honakoa da: 9:00etatik 14:00etara; DBHn daudenena berriz, honakoa: 08:45etik 14:45era.
Zein da eskolako egutegia?
Gainontzeko ikastetxe homologatuek izaten dutenaren antzekoa da ikasturteko egutegia, irailaren hasieratik ekainaren bukaera aldera artekoa, ohiko jaiegunak izaten dituena.
Nola/noiz egin daiteke matrikula?
Biziloren urte osoan zehar eskaintzen dugu matrikula egiteko aukera.
Nola egiten da egokitzapen prozesua?
Familiak behar duen denbora hartzen dugu egokitzapena egiteko. Umearen zein gurasoen beharrei adi egoten gara eta egokitzen laguntzen diegu. Familia batzuek egun gutxi behar izaten dituzte; beste batzuek, ordea, hilabeteak. Gertutasunez eta konfidantzaz egiten dugu prozesua.
Edozein ikas mailatan sartu daiteke?
Bai. Umeak edo gazteak 2 eta 15 urte bitarteko adina badu, sarbidea izan dezake.
Nola dakizue haurra edo nerabea ikasten ari den? Aurrera doan?
Biziloren haur edo nerabe baten ikaskuntza eta aurrerapena ez dira neurtzen nota edo proba estandarren bidez, baizik eta egunero egindako behaketa zuzen, elkarrizketa eta autoebaluazioen bidez. Bidelagunek arreta handiz jarraitzen dute umearen edo gaztearen interesa, motibazioa eta jarduera ezberdinetan erakutsitako parte-hartzea, baita bere konpetentziak eta trebetasunak nola garatzen diren ere.
Gainera, haurrek eta gaztetxoek euren ikaskuntza prozesuaz hausnartzen dute eta helburuak ezartzen dituzte, modu autonomoan ikasteko baliabide moduan. Familiekin komunikazio irekia izatea eta jarraipena egitea ere funtsezkoak dira, haurraren edo nerabearen garapen orokorra modu integralean ulertzeko eta behar denean laguntza zehatza eskaintzeko. Horrela, ikaskuntza modu pertsonalizatuan eta zentzu handiz bideratzen da, haur edo gaztetxo bakoitzaren erritmo eta beharretara egokituta.
Nola prestatzen dira haur eta nerabe hauek etorkizunerako?
Biziloren haurrek eta nerabeek ikasten dute pentsatzen, adierazten, entzuten, erabakiak hartzen eta besteen beharrak kontuan hartzen. Ez dira soilik eduki akademikoak lantzen, baizik eta bizitzarako tresnak: autonomia, ardura, enpatia, gatazkak kudeatzeko gaitasuna eta ikasteko gogoa.
Etorkizunean beste ikasketa-esparru batera igarotzen direnean —lanbide heziketara, batxilergora edo beste zentro batera, adibidez—, haurrak edo gazteak ez dira hutsune batekin iristen, baizik eta jarrera irekiarekin, ulermenerako gaitasunarekin eta ikasteko interesa bizirik dutela. Gure esperientziak erakutsi du trantsizioak arrakastatsuak direla, eta egokitzapena ona izaten dela.
Familiek nolako parte-hartzea dute proiektuan?
Bizilore komunitate bat da, eta familiek funtsezko rola dute. Ez da beharrizan administratibo bat: gure ikuspegiaren parte da haurraren edo gaztearen inguruan sare aberats eta kohesionatu bat eraikitzea. Parte-hartzea maila desberdinetan ematen da: bileretan, ikaskuntza-prozesuen jarraipenean, ekintza zehatzetan edo eguneroko bizitzan parte hartuz. Horrez gain, kooperatibako bazkide izanik, batzordeetan aritzen dira askotariko lanak egiten.
Bidelagunen eta familiaren artean konfiantzan oinarritutako elkarlana egiten da.
Elikadura osasuntsua eskaintzen al da?
Bai. Biziloren elikadura gure hezkuntza-ikuspegiaren parte da. Osasuntsua, orekatua eta garaian garaikoa izaten saiatzen gara, eta haurrek janariarekiko harreman baikorra izatea bultzatzen dugu: gustuak errespetatuz, dastatzeko aukera emanez, eta elikaduraren inguruko kontzientzia lantzen.
Gainera, janaria ez da soilik elikadura fisikoa: mahaian partekatu, erritmo lasaian jan, eta elkar zaintzeko unea da guretzat. Elikaduraren bidez ere bizikidetza eta autonomia lantzen dira.

