Bizilore, 2-12 urte bitarteko ume eta gazteak, adin aniztasunean, elkarbizitzeko eskola aktiboa da, haurrak komunitatean hezteko.
Horretarako,familiak eta eskolak elkarrekin eta elkarrentzat lan egiten dugu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu eskolak garatzen duen bizi prozesuekiko errespetuzko hezkuntza eta familia bakoitzak duen haziera estiloa bat etortzea, haur eta gazteak modu koherentean egituratu ahal izateko. Gurasoen ardura nagusietako bat da seme-alaben hazieran konpromisoa hartzea. Irizpide horri jarraituz Bizilore eskola goizez irekitzen da soilik, gainerako denbora haurrek euren familiarekin igarotzeari ematen diogun garrantziarengatik. Gainera, Biziloren hausnarketa bilerak eta prestakuntza ikastaroak izaten ditugu familiek eta bidelagunek , haurrak ahalik eta koherentzia eta errespetu handienarekin hazi eta hezi ahal izateko.
Biziloren bizi prozesuekiko errespetuzko hezkuntza bultzatzen dugu. Gure begiradaren arabera, umea, ingurunea esploratzeko grina duen izaki aktiboa da.
Hori dela eta, umearen garapen osoa bultzatzea dugu xede, beraren ongizatea ziurtatuz eta kide den eskola, familia zein komunitatearen parte dela biziaraziz.
Umea den bezala onartzeari garrantzia berezia ematen diogu Biziloren; beraren behar, nahi, gogo zein gaitasunei bide emateko ahalegina egiten dugu, bide-laguntzan oinarritzen den errespetuzko esku-hartzearen eta garapen osoa ahalbidetuko duen testuinguruaren bidez.
Umeari osasuntsu hazi eta hezteko testuingurua eskaintzen zaio Biziloren, errespetu eta konfiantzan oinarrituta, izateko, bizitzeko, egiteko, ikertzeko, pentsatzeko, galdetzeko, aurkitzeko, ukitzeko, sentitzeko… aukera emanez.
Nor Gara
2015ean sortu genuen Hazitik kooperatiba koop.Elkartea Azkoitian kokatua dagoen irabazi asmorik gabeko Kooperatiba Integrala da, 2012an eratutako Bizilore Familia Elkartearen haurtxoa. Kooperatiba sortu aurretik, hezkuntza eta hazkuntzaren gaur egungo egoeraren analisian oinarrituta, etorkizuneko balizko errealitate bat irudikatzen hasi ginen.
Ilusioak eta indarrak mugituta hiru urte igaro genituen analisi hori egiten, hausnartzen, eta burutu nahi genuen proiektuaren plangintza modu kolektiboan adosten. Beraz, komunitate oso baten ametsak zehaztera eta betetzera dator egitasmo hau.
Hezkuntza eta haziera berrikuntzan oinarrituta, irabazi asmorik gabekoa den gure kooperatibak arlo ugari barne hartuko dituen egitasmo integral bat eskaini nahi die bertako partaideei, herriari, bailarari eta Euskal Herriari bezala hezkuntza komunitate osoari, ulertzen dugulako hezkuntza izan daitekeela jendarte eredua aldatzeko lanabesa.
Hazitik kooperatiba osatzen dugunok bizitzako esparru eta adin guztietara zabaldu nahi genuke honako ikusmira hau: bizi-prozesuekiko errespetuzko ikuspegia, norbanakoaren izaeraren garapen askea eta harreman orekatuen zein osasuntsuen aldeko apustua.
Hazitik kooperatiba pertsonez eta pertsonentzat sortu da, eta eraldaketa sozialean eragiteko asmoa du, hezkuntza berrikuntzaren bidez. Konprometituta gaude pertsonekin, ingurunearekin, harreman zein prozesu jasangarriekin eta berrikuntzarekin, eta gure misioa dugun bizi-ikusmira bizitza osoan zehar garatu ahal izateko baliabideak jorratzean datza.
Hazitik kooperatiba integralaren misio zein ikusmira Bizilore eta Abaraxka deritzan bi proiektuen bidez eramaten dugu aurrera, ereindako haziak, Azkoititik abiatuta Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzea delarik gure asmoa.