Bizilore, 2-12 urte bitarteko ume eta gazteak, adin aniztasunean, elkarbizitzeko eskola aktiboa da, haurrak komunitatean hezteko.
Horretarako,familiak eta eskolak elkarrekin eta elkarrentzat lan egiten dugu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu eskolak garatzen duen bizi prozesuekiko errespetuzko hezkuntza eta familia bakoitzak duen haziera estiloa bat etortzea, haur eta gazteak modu koherentean egituratu ahal izateko. Gurasoen ardura nagusietako bat da seme-alaben hazieran konpromisoa hartzea. Irizpide horri jarraituz Bizilore eskola goizez irekitzen da soilik, gainerako denbora haurrek euren familiarekin igarotzeari ematen diogun garrantziarengatik. Gainera, Biziloren hausnarketa bilerak eta prestakuntza ikastaroak izaten ditugu familiek eta bidelagunek , haurrak ahalik eta koherentzia eta errespetu handienarekin hazi eta hezi ahal izateko.
Biziloren bizi prozesuekiko errespetuzko hezkuntza bultzatzen dugu. Gure begiradaren arabera, umea, ingurunea esploratzeko grina duen izaki aktiboa da.
Hori dela eta, umearen garapen osoa bultzatzea dugu xede, beraren ongizatea ziurtatuz eta kide den eskola, familia zein komunitatearen parte dela biziaraziz.
Umea den bezala onartzeari garrantzia berezia ematen diogu Biziloren; beraren behar, nahi, gogo zein gaitasunei bide emateko ahalegina egiten dugu, bide-laguntzan oinarritzen den errespetuzko esku-hartzearen eta garapen osoa ahalbidetuko duen testuinguruaren bidez.
Umeari osasuntsu hazi eta hezteko testuingurua eskaintzen zaio Biziloren, errespetu eta konfiantzan oinarrituta, izateko, bizitzeko, egiteko, ikertzeko, pentsatzeko, galdetzeko, aurkitzeko, ukitzeko, sentitzeko… aukera emanez.
BEGIRADA PEDAGOGIKOA
EGUN BAT BIZILOREN